
Gaur 30 urte betetzen dira Espainiako poliziek txikizio handiak eragin zituztela Errenteria-Oreretako kaleetan, herriko hainbat komertziotan lapurtzeraino ere iritsiz.
Teo dendako pastel haiek
iban iza
Osteguna zen, uztailaren 13a, gaur 30 urte. Eguerdia. Jende gutxi zebilen kaleetan, eta giro arraroa. Zerbait larria gertatuko zenaren seinale. Bapatean, Espainiako ehunka polizia agertu eta, amorru bizian, aurrean harrapaturiko guztia txikitu zuten: erakusleihoak, autoak, leihoak, ikurrinak... Etxeetako kortinen aurka tiro egin zuten, eta herriko dendatan lapurtzeraino ere iritsi.
Hurrengo egunean, eragindakoa islatzen zuen argazkia agertu zen Deia egunkariaren azalean: Espainiako bi polizia pastelak lapurtzen Zumardian zegoen Teo gozodendako erakusleihotik. Irudi hark mugak hautsi zituen Euskal Herrian nahiz Espainiako Estatuan, poliziaren aurkako ikur bihurtzeraino.
German Rodriguez
Espainian Trantsizioa gisa ezaguna den garaia (1975ean hasi eta ondorengo urteak) bizi-bizia izan zen Euskal Herrian. Franco hil ondoren, eztanda politiko modukoa eman zen, 40 urteko diktaduraren ondotik jendeak zuen askatasun egarriaren adierazgarri.
Eta 1978ko uztaila ez zen salbuespena izan. Uztailaren 8an, Espainiako poliziek German Rodriguez LKIko militantea hil zuten Iruñean, sanferminetan bete-betean, zezen plazan amnistia aldarrikatuz pankarta bat agertu, eta poliziak bildutakoen aurka gogor oldartu eta ondoren sorturiko istiluen baitan.
Gauean hil zuten Rodriguez; baina, biharamunean, haren heriotzari buruzko berria bolbora gisa zabaldu zen Euskal Herrian barrena. Pasai Antxon, esaterako, sanferminak bertan behera gelditu ziren, protesta gisa, eta N-1 errepidea barrikadekin moztu zuten. Errenteria-Oreretan ere barrikadak jarri zituzten herriko sarreratan, ehunka lagun bildu zituen asanblada eta manifestazio baten ondotik. Hurrengo egunerako asanblada berria antolatu zuten Herriko Plazan, Euskal Herrian greba orokorra antolatuko zela aurreikusiz.
German Rodriguezen heriotza salatzeko greba orokorra, azkenean, uztailaren 11rako deitu zen Euskal Herri osoan. Baina Errenteria-Orereta bezperatik zegoen geldirik. Uztailaren 10ean bertan egindako mobilizazioak ere oso jendetsuak izan ziren: goizeko manifestazioan 4.000 lagun bildu ziren, 5.000 arratsaldekoan, Joxe Iriarte Bikila-ren eta Luis Elberdinen Orereta. Herri borrokalari baten historia izeneko liburuan kontatzen denez.
Joseba Barandiaran
Uztailaren 11n, erabatekoa zen greba orokorra Errenteria-Oreretan. Herriko Plazan egindako batzar jendetsuaren ondotik, eta milaka lagun elkarturiko manifestazioa Beraun aldera zihoanean, beste hildako baten berri izan zuen jendeak: Espainiako poliziek Astigarrako Joseba Barandiaran gaztea hil zuten Donostian, Aldapeta inguruan egondako istiluetan. Polizia hiltzailea oihuak nagusitu ziren manifestazioan, eta Beraundik pasatzen den autobidea barrikadaz bete zuten.
Arratsalde hartan ere istilu gogorrak bizi izan ziren Beraunen. Gauean, berriz, kaleak hutsik zeudenean, guardia zibilak agertu eta hainbat txikizio eragin zituzten auzoan: kristalak eta etxeetako tinbreak puskatu, saltoki batetik eguzkitako betaurrekoak lapurtu... Bi egun beranduago gertatuko zenaren entsegua zirudien.
Helikoptero bat
Uztailaren 12rako ere greba deialdia mantendu zen Euskal Herrian. Osteguna 13an, berriz, greba bukatutzat eman zuten alderdi, sindikatu eta eragile askok. Errenteria-Oreretan, hala ere, 2.000 bat lagun elkartu ziren goizeko asanbladan Herriko Plazan. Guardia Zibilaren helikoptero bat zebilen kaleen gainetik hegan, eta barrikadak oraindik N-1 errepidean. Baina ez zen istilurik sortu.
14:00ak aldera, ordea, Espainiako ehunka polizia -Policia Armada deiturikoa, eta grisak gisa ezagunak, uniformearen kolorearengatik- autobusetan iritsi ziren herrira; eta, besterik gabe, herriko kaleetan barrena sartu ziren, ziztu bizian eta bortizki.
Herriko ohitura apurtuz, inork ez zien aurre egin poliziei. Harri bat bera ere ez zuten jaso poliziek erantzun gisa. Baina haiek hankaz gora jarri zuten herria.
Aurreko egunetan, Egian ere modu erasokorrean aritu ziren Espainiako poliziak, eta Amara Zaharrean manifestariak etxeetako teilatuetan eta guzti atxilotzen saiatu ziren. Baina Errenteria-Oreretako kaleetan eragindakoak markak hautsi zituen.
Bi milioi pezeta baino gehiago
Gertatutakoaren larritasunaz jabetuta, Udal Batzordeak -oraindik ez ziren egin diktaduraren ondorengo lehenbiziko udal hauteskundeak- herriko komertzianteak deitu zituen, kalteen berri izan eta Espainiako Gobernadoreari kalte-ordainak eskatze aldera. Herriko Batzarrak, bere aldetik, Ikerketa Batzorde bat eratu zuen, eta larunbata 15erako nazio mailako manifestazioa deitu. Udal Batzordearen eta Herriko Batzarraren arteko desadostasun handiak sortu ziren. Eta desadostasun hori agerian gelditu zen larunbata 15eko manifestazioan; dena den, espero bezala, oso protesta jendetsua izan zen, eta milaka lagun elkartu ziren mobilizazioan.
Poliziek, denera, 2.372.920 pezetako kalteak eragin zituzten herrian, Bikilaren eta Elberdinen liburuan jasotzen denez. Halaber, aurkezturiko salaketak soilik kontuan hartuz, komertzioetan lapurtutakoaren kopurua 29.360 pezetara iritsi zen.
############
miranda de ebrotik etorriak
1978ko uztailaren 13 hartan Errenteria-Orereta erasotu zuten poliziak Miranda de Ebrotik etorritakoak ziren, eta Jose Farizo Martin kapitaina zuten buru, Txalaparta argitaletxearen Euskadi eta askatasuna liburu bilduman agertzen denez.
Espainiako Kongresuak, halaber, FOPen (Fuerzas del Orden Publico delakoen) aldeko mozioa onartu zuen, euskal parlamentari gehienen hutsunearekin, eta PCE alderdiak eta Manuel Fraga buru zuen eskuinak sustatuta.
############
erakusketa
Ricardo Ugarteren erakusketa
PASAIA, Donostiako Koldo Mitxelenan - 2009-07-01
deialdiak
Trintxerpeko liburutegiaren udako ordutegia
PASAIA, - 2009-07-01
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.