Fanderiako jaietan estreinatu berri den ereserkiaren egilea da Zapirain; aurreneko aldiz aritu da konpositore lanetan
jon gonzalo
Sergio Zapirain (Errenteria, 1965) musikari lotutako gizona da. Besteak beste, Errenteria Musikaleko irakaslea eta Eguzkilore Abesbatzako zuzendaria da. Halaber, konpositore lanetan bere lehen urratsa eman berri du. Fanderiako jaietako ereserkiaren egilea da.
Nondik nora sortu zitzaizun Fanderiako jaietako ereserkia egiteko aukera?
Auzo Elkartekoek eskatu zidaten ereserkia egiteko. Inoiz ez nuen antzeko ezer egin, eta hasieran ez nekien nondik nora jo. Azkenean, ordea, nire anaia Cesar eta biok erritmo handiko melodia bat prestatu genuen. Joan den asteburuan tanborradarekin batera entzun ahal izan zen, eta jendearen gustukoa izan dela esan didate.
Estreinako aldiz aritu zara konpositore lanetan. Aurrerantzean antzeko lanik egiteko asmorik ba al duzu? Ez dut uste konpositore lanetan jarraituko dudanik. Fanderiako ereserkia sortzea esperientzia polita izan da, baina bertan bizi naizelako eta lagunek eskatu zidatelako egin dut. Aurrerantzean, nire ohiko zereginei helduko diet: Musika Eskolako irakasle lanari eta Eguzkilore Abesbatza zuzentzeari.Orain dela 12 urte hasi zinen Errenteria Musikalen biolontxelo eskolak ematen. Zer- nolako esperientzia izan da? Biolontxeloa jotzea bizitza honetan dudan afizio handienetako bat da, eta jendeari musika tresna hau jotzen irakastea plazer handi bat da. Hori bai, batzuetan ikasleek azkarrago ikastea nahiko nuke. Gehientsuenek, ordea, ez dute gehiago ikasteko denborarik. Gaur egungo haurrak oso lanpetuta bizi direla konturatu naiz urteotan.Irakasle izateaz gain, sei urtez (2000-2006) Errenteria Musikaleko zuzendaria ere izan zara. Musika Eskolaren osasuna ona al da?Nik baietz esango nuke. Musika eta Dantza Eskola elkartu zirenetik aurrerapauso handiak izan dira. 800 ikasletik gora ditugu gaur egun, eta urtero jende berria etortzen da izena ematera. Halaber, azken urteotan Kontserbatorioa eta Musika Eskolaren arteko bereizketa areagotu egin dugu. Hartara, ikasleek jakin badakite bi aukera dituztela: musika ikasketak seriotasunez egin nahi badituzte Kontserbatoriora jo behar dute; musika tresna bat afizioz edo hobby gisa jotzeko asmoa badute, berriz, Musika Eskolan dutela horretarako aukera.1995etik Eguzkilore Abesbatzako zuzendaria ere bazara. Zer nahiago duzu irakasle lana ala zuzendari lana?Oso ezberdinak dira, baina biak ditut gustuko. Dena den, irakaskuntzan egunero aritzen naiz, eta abesbatza zuzentzen astean behin bakarrik. Eguzkiloreko kideekin elkartzeak eguneroko errutinatik alde egiteko aukera eskaintzen dit. 16 lagunek osatzen dugu abesbatza, eta horietako asko Easo Abesbatzako bakarlari izandakoak dira. Oso maila oneko jendea dago abesbatzan. Urtean zehar kontzertu dezente ematen dituzue. Bihar, esate baterako, Mugaritz Jatetxean ariko zarete, ezta?Bai, halaxe da. Espainiako enpresario garrantzitsu batzuk Mugaritzen afaldu behar dute bihar, eta afaria girotzeko deitu digute. Azken asteotan kontzertua prestatzen aritu gara, eta ea nola ateratzen zaigun.